Fedea eta Kultura

 

 

 

Igandeetako testuak

Marie Noelle THABUT laiko eta ama familiakoa, biblista ezaguna da.
Biblia argitzeko xedearekin liburu anitz agertu ditu.

Pariseko Notre Dame Irratian eta Magnificat agerkarian parte hartzen du.

Haren igandeetako testoen azalpenak, zutabe hunen eskuineko aldean, eskuragai dira, euskaraz.

Euskaratze lan hori egin dute pertsona hauek : Lubet anderea, Maite Iratzoki, Michel Itçaina, Marcel Etchehandy.

 

Behereko loturetan klikatu eta word formatuan ideki edo telekargatzen ahal dituzu testoak, igandez igande.

Ikus adibide bat sahetsean.

2013/09/29

URTEKO HOGEITA SEIGARREN IGANDEA  C

Lehen irakurgaia

( Aberatsen urguluzko xahupideen kontra )

Amoz profetaren liburutik 6 , 1a . 4-7

1      Dohakabeak Jerusalemen gozoki bizi direnak,
eta beren ustez gerizan direnak Zamariako mendian .
4      Marfilezko ohetan luze eta nagi etzanik,
artaldeko bildots hoberenak
eta barrukiko aratxe gizenenak jaten dituzte.
5      Kitarra soinuarekin, bertsu kantari,
Dabidek bezala, doinu berriak asmatzen dituzte.
6      Arnoa untzi handietan edaten dute,
eta usain on hoberenez gantzutzen dira,
bainan ez dute axolarik Izraelen hondamendiaz.
7      Horrengatik atzerrirat eremanen dituzte,
desterratu guzien aitzinetik,
eta akabo mozkor-ondo horien besta!
 
Biblian, Amoz da profetetan lehen idazlea edo bertzela erraiteko, haren liburua da lehenik eskuratu dena. Aintzineko profeta famatuetaz, Eli, Elizeo, edo Natan… lekukotasunak baditugu , bainan ez heien predikurik.
780-750 J.K.aintzin egin zituen bere predikuak eta erran jendeek entzun nahi ez zituztenak, kanporatua izan baitzen erregeari salatua izanik. Juda erresumakoa zen, Zamaria erresuman predikari. Joan den astean irakurri dugu haren prediku bat jende batzu nola aberasten ziren pobreen bizkar. Egungo irakurgaietik ikusten da nolako handikerian bizi ziren Zamariako aldetan : " Marfilezko ohetan luze eta nagi etzanik, artaldeko bildots hoberenak eta barrukiko aratxe gizenenak jaten dituzte. Kitarra soinuarekin, bertsu kantari…usain hoberenez gantzutzen dira…ez dute axolarik Izraelen hondamendiaz… " Ostrukaren politika, ororen buru. Mehatxu ikaragarri bat hurbiltzen ari dela, buruzagiek ez dute entzun nahi : " Ez dute axolarik Izraelen hondamendiaz. "
Historiak erakusten dauku nola ohargabekeria hori harrotua izan zen : " Atzerrirat eremanen dituzte, desterratu guzien aitzinetik, eta akabo mozkor-ondo horien besta ! " Eta egiazki hola gertatu zen. Profeta ez zuten entzun, eta gehiago dena kanporatu zuten, bainan harek errana gertatu. Beraz, Amoz aberatseri eta haundikieri da mintzo :  "Dohakabeak beren ustez gerizan direnak Zamariako mendian". Erran nahi baita: ongi zirezte, goxotasunean, aiseria eta aberastasunean...bainan nik zuen ohargabekeria ez dut onartzen eta kexatzen naiz. Kexatzen naiz zeren ez duzuen deus ulertu: hurbiltzen den zirimola ez ikusteko beren estalgien azpian emaiten direnen idurikoak zirezte. Zirimola zuen lurreratzea izanen da, urte batzu barne, Aziriarrek lehertzea, zuetarik ainitzen hiltzea edo ezbesteratzea... Bai kexu naiz.
"Dohakabeak ustez gerizan direnak Zamariako mendian ". Bainan nun da gaizkia ?  Segurtasuna joankor diren gauzetan ezartzea da gaizkia: aberastasuna, kartsutasunaren itxurak... Beren merezimendua goraipatzen dute, ustez berena den, ahantziz Jainkoaren ganik direla denak. Izraelen segurtasun bakarra, Elkargoari leial izaitea da. Zamarian aldiz, ustelkeria da: Jainkoari egin opariak mozkor bide itzultzen dituzte… zeren Amozek aipatzen dituen janaldiak, opari ondokoak, apairu sakratuak baitzitezkeen. Bainan orain, apairu horiek sakrileio dira ezen ez dute deus ikustekorik Elkargoarekin.
Amozen logika, profeta guzien logika, hau da: jendeen eta gizarteen zoriona Jainkoarekin egin den Elkargoan dago, eta leialtasun horrek sozial mailako zuzenbidea eta konfiantxa Jainkoa baitan ezartzea du izena. Bide hortarik urruntzen dena, goiz edo berant, galdua da.
 Judatik heldu zen Amoz deitu profeta horrek, begia zorrotz zukeen Iparaldeko ahultasunen ikusteko. Egia erran, Hegoaldean ez ziren holako ospean bizi eta lehengo Izraelen bizi moldeari atxikiak ziren. Iparraldean aldiz, Jeroboamen erresuma dirdiratsua zen. Gizartea aldatzen ari zen eta hastapeneko helburutik urruntzen. Hastapenean, Legeak elgarrren arteko berdintasuna manatzen zuen eta lurraren partekatze berdinak eginarazten. Bainan jauregi ezin ederragoak egin ziren Zamarian, bertzeen gain eraikiak; aberastu zirenak, salerosketan adibidez, jabe xumeak laster kanporatzen zituzten beren lurrak eskuratzeko eta batzuetan pobreak esklabo bilakatzen ziren.
Arkeologiak xehetasun interesgarriak ekartzen ditu: hamargarren mendean, etxe guziak berdinak ziren eta bizi molde berdinak erakusten dituzte; zortzigarren mendean aldiz, auzune aberatsak eta auzune pobreak arras desberdinak dira. Akabo Izraelen helburu eder hura, Lur Sainduaren ametsa, desberdintasunik gabeko gizartea! Lur Sainduaren Ametsari nahi badugu leial izan, irakur dezagun Amoz profetaren predikua.

 

Salmoa    145

Leloa:     Nahi nitzaio Jainkoari bizi naizeno kantuz ari.

Bertzek joentzat Jauna zuzen,
Harek betiko ditu zaintzen.
Gosetueri harek ogi,
Gakotueri harek argi.

Itsutueri Jaunak begi,
Lehertueri dio: Jeiki.
Jaunak laguntzen urrun joanak,
Hazten umezurtz, alargunak.

Jaunak zuzenak ditu maite,
Gizon makurrek traban dute.
Jainkoa Jainko betiere:
Gure Jauna Jaun mendez mende.

            Hiru bertsu hauek Jaunaren bihotz samurra goraipatzen dute: joak, gosetuak, gakotuak, itsuak, lehertuak, urrun joanak, umexurtx eta alargunak laguntzen ditu Jainkoak. Hots, jendek apaltzen eta arbuiatzen dituztenak. Izraeldarrek badakite zertaz ari diren: horiek denak ezagutzen dituzte. Izrael populuak salmo hau kantatzen duelarik, bere historia du aipatzen eta Jainkoa eskertzen bere geriza izan duelakotz beti. Populuak badaki zer izan den zapaketa Egipton, zapaketa Babilonian eta Jainkoa beti laguntzaile agertu zaio. Salmo hau Babiloniako desterrutik landa idatzia izan da, tenplo berria estreinatzeko.
            Tenploa Nabukodonozor Babiloniako erregearen soldadoek sunstitu zuten 587an J.K. aintzin. Berrogoi ta hamar urteren buruan, Zirus, Persiako erregeak Babilonia garaitu zuen, eta Babilonian esklabo ziren Judueri Jerusalemerat itzultzeko eta tenploa berritz eraikitzeko baimena  eman zioten. Tenplo eraiki berriaren eskaintza alaitasunean eta kartsutasunean egin zen.
            Salmo hau zorionez betea da. Berriz ere, Jainkoak bere leialtasuna erakutsi du: bere populua libratu du, haren hurbilekoa agertu da, haren mendekatzailea, "eroslea", Bibliak dion bezala. Izraelek bere historia irakurtzen duelarik, Jainkoa beti lagun izan dela aitortzen ahal du: « Jaunak betiko baitu zaintzen, bertzek joentzat hura zuzen. »
            Izrael gose izan da, basamortuan, eta Jainkoak mana igorri zuen, bai eta kailak : « gosetueri harek ogi ». Polliki polliki Jainkoa beti gakotuak libratzeko, itsuak sendatzeko, apalduak xutik emaiteko ari dela ulertu du Izraelek. Jainkoa Jainko da, lehen eta betiere. Izraelen otoitza beti geroari buruz itzulia da; iragana aipatzen du itxaropena azkartzeko.

Bigarren irakurgaia

( Kristoren baitako fedeaz bizi )

Jondoni Paulok Timoteori 6 , 11-16

11    Zuk, Jainkoaren gizona zirenak, bila zuzentasuna,
kartsutasuna, fedea, maitasuna, iraupena eta eztitasuna.
12    Borroka zaite fedearen borroka onean,
eta ardietsiko duzu betiereko bizia;
hartarako deitua izan baitzira,
hartarako egin baituzu fede-aitormen ederra,
lekuko askoren aitzinean.
13    Gauza guziak biziarazten dituen Jainkoaren aitzinean,
eta Pontzio Pilatoren auzitegian aitormen ederra egin zuen
Jesu Kristoren aitzinean manatzen dautzut:
14    begira zazu manamendua garbirik
eta nehori deus erraitekorik eman gabe
Jesu Kristo gure Jauna agertuko den arte,
15    bere tenorean agerraraziko baitu Jainkoak.
Hau da Nagusi bakar eta zoriontsua,
erregeen Erregea eta jaunen Jauna.
16    Bera bakarrik da ezilkorra
eta ezin hurbilduzko argitan bizi dena:
nehork ez du ikusi, ez eta ikusten ahal.
Hari aintza eta nagusitasuna betiko. Amen
 
Ez da bilduma egokiagorik giristino biziaz eta fedeaz. Zertaz mintzo da Jondoni Paulo  ?  Efeso hirian Timoteoren eliz-elkartean zailtasunak bazitazken : " Borroka zaite fedearen borroka onean." Paulo jadanik mintzatu da fedearen borrokaz : "Horra zure gain uzten dudan manamendua, Timoteo ene haurra, zutaz lehen eginak izan diren profezien arabera, hauek sustaturik gudu ona guduka dezazun, fede ta kontzientzia onaren jabe. Zenbaitek arbuiatu dute hori eta fedea hondatu zaiote. " (Tm 1, 18-19) Borrokatu behar da beraz fedea erraiteko eta erakusteko. Oren latza izanagatik, araberako hitzak erabiltzen ditu Paulok bere gutunean: elkarte berri eta gazte horren bataioari zor dion leialtasunaz du axola.
Egungo irakurgaiaren arabera arrisku huntarik urrundu behar da : erakaspen faltsuak. Iduri du zailtasun haundiak bazirela. Beha: "Timoteo, zaintzeko emana zaizuna begira ezazu. Ele huts profanetarik eta gezurrezko jakitatearen kitziketarik aldara zaite. Hortan ari diren zenbait fedetik urrundu dira." ( 1Tm 6, 20-21) Eta gutun berean aintzinxago: "Norbaitek besterik irakasten badu, eta Jesu Kristo gure Jaunaren hitz sendoak eta jainkozaletasunaren araberako irakaspena onesten ez baditu, hura urguluz hantua da, deusik ez daki, ikerketen eta ele-meleen gaitza du."( 1Tm 6, 3-4)
Gutun hastapenetik agertu zen zailtasun hori, eta Paulok Efeson egoiteko manatu zion Timoteori: "Efeson egon zintezen otoiztu zintudan zenbaiti manatzeko ez dezaten bestelako irakaspenik eman, ez eta kasurik egin ipuin eta azkengabeko askazi zerrenda batzuri: horiek eztabadetara deramate, eta ez fedean Jainkoaren xedera" (1 Tm 1, 3-4)
Timoteok bere bataioari lotua egon behar du. Bi aldiz lerro bera ez du ustegabetarik erabili. Timoteoz erraiten du : " Hortarako egin baituzu fede-aitormen ederra lekuko askoren aintzinean " : Timoteoren bataoia gogoratzen du. Jondoni Pauloren denboran, bataioak elkarte guziaren aintzinean egiten ziren eta fedearen aitormena garrantzitsua zen. Jesu Kristo aipatuz, Jondoni Paulok lerro ber bera erraiten du : " Jesusek Pontzio Pilatoren auzitegian aitormen ederra egin zuen ", erran nahi baitu : Jesusen lekukotasunean hartuko duzu zuk ere behar duzun indarra zure lekukotasuna emaiteko. Zure bataioko aitormenaren erroa Jesu Kristok bere aitari eman aitormenean aurkituko duzu.
Bataioan eman aitormena bat da, orai gai izan behar da egun oroz errepikatzeko. Jondoni Paulok ainizten ditu bere gomendioak : " Borroka zaite fedearen borroka onean, eta ardietsiko duzu betiereko bizia ; hartarako deitua izan baitzira, hartarako egin baituzu fede-aitormen ederra , lekuko askoren aintzinean. " Fedea, maitasuna, iraupena, eztitasuna, dira borroka horren armak ; egiazki borroka bitxia, arma nagusia eztitasuna izanagatik. Jondoni Pauloren arabera, fedearen egiazko borrokak ez du deus ikustekorik erlisione-gerlekin : maitasunean, goxotasunean, iraupenean  bizi behar da. Frangotan ahantzi dugu hori… alabainan, erlisione guzien historiak aski garbi erakusten dauku gerla horiek nehoiz ez dutela jende bakar bat bihozberritu.
Bururatzeko, zoin den gogoan atxiki behar dugun helburua, Jondoni Paulok hirutan errepikatzen du gutun huntan. Jadanik ohartu gira haren gogoetak beti etorkizunari beha direla. Etorkizun hori, betiereko bizia, Jesu Kristoren agertzea da : "Begira zazu manamendua garbirik eta nehori deus erraitekorik eman gabe Jesu Kristo gure Jauna agertuko den arte, bere tenorean agerraraziko baitu Jainkoak ."
Jondoni Paulok fedearen aitormen bat bezala bururatzen du bere gutuna, eta Timoteok ez du bertzela egin behar, borrokatuz bainan eztitasunean, iraupena eta kartsutasuna dituela bere lagunak. Jainkoa da " Nagusi bakar eta zoriontsua, erregeen Erregea eta jaunen Jauna. Hura bakarrik da ezilkorra eta ezin hurbilduzko argitan bizi dena : nehork ez du ikusi ez eta eta ikusten ahal. " Jainkoa Bertzelakoa da ; nehor ez da hartaz jabetzen ahal eta nehork ez du erraiten ahal ezagutzen duela (erakasle faltsuek dioten bezala).
Azken lerro hauek miragarriak dira. Testamendu Zaharrean aipatzen den lema bat da : Jainkoaren haraindikotasuna : Jainkoa ez da gure menean, bainan gutaz hurbil da. " Jesu Kristo… bere tenorean agerraraziko baitu Jainkoak. "

 

Ebanjelioa

                                             Alleluia, alleluia

            Jesu Kristo, aberats zelarik, egin zen behartsu,
            bere behartsu izaiteaz zuek aberats egiteko

 

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik      16 , 19-31

Jesusek erran zuen parabola hau:
9      " Bazen gizon aberats bat, purpuraz eta liho finez jaunzten zena
eta egun guziz bazkari ederrik egiten zuena.
20    Lazaro izeneko eskale bat
haren ate ondoan etzanik egoiten zen, zauriz estalia.
21    Nahiko zuen aberatsaren mahainetik erortzen zenaz ase;
zakurrak, bai, etortzen zitzaizkion zaurien milikatzera.
22    Hil zen behartsua, eta aingeruek Abrahamen ondorat ereman zuten.
Hil zen aberatsa ere, eta ehortzi zuten.
23    Hilen egoitzan oinazetan zagola,
begiak altxatu eta Abraham ikusi zuen urrunetik,
eta Lazaro haren ondoan.
24    Orduan oihu egin zion:
' Aita Abraham, urrikal zakizkit!
Igor zazu Lazaro bere erhiaren muturra urean busti
eta nere mihiaren freskatzera,
oinaze gorritan bainago sugar huntan.'
25    Abrahamek ihardetsi zion:
' Seme, orroit zaite zoriona izan zinuela bizian;
Lazarok, aldiz, zorigaitza.
Orai harek kontsolamendua aurkitu du hemen, eta zuk oinazeak.
26    Gainera, leize handi bat ezarria izan da zuen eta gure artean,
hemendik zuenganat joan nahi luketenek ere ezin dezaten,
ez eta hortik gureganat ere.'
27    Aberatsak berriz:
' Orduan, aita, igor zazu, otoi, Lazaro gure aitaren etxerat.
28    Bost anaia baditut: ezar ditzala jakinaren gainean,
heiek ere oinaze-toki huntarat etor ez daitezen.'
29    Abrahamek erran zion:
' Hor dituzte Mois eta profetak: entzun ditzatela.'
30    Harek berriz:
' Ez, aita Abraham, hiletarik norbait joaiten bazaiote,
bihozberrituko dira.'
31    Abrahamek ihardetsi zion:
' Mois eta profetak ez badituzte entzuten,
norbait hiletarik pizturik ere, ez dute sinetsiko.' "

"Norbait hiletarik pizturik ere, ez dute sinetsiko." Azken lerro hau, Jesusen ahoan, ikaragarria bilakatzen da: bere buruari pentsatzen ote du erranez: "norbait hiletarik pizturik ere…"? San Lukek bere ebanjelioa idazten duelarik, arras ongi badaki Kristoren hiltzeak ez dituela denak bihozberritu; batzuetan bihotzidortu ditu.
Egungo testoan, zer dakigu aberats hortaz? Deus haundirik; ez du izenik; ez du iduri gaixtoa dela, zeren hil eta gero, bere haurrideak baititu gogoan eta ifernutik salbatu nahi. Bere munduan, lasai, " marfilezko dorrean" erraiten den bezala, bizi da. Eta hain da bere dorrean, nun ez duen ikusten bere etxeko atean, hezur eta larru den eskalea!
Eskale hunek, izena badu : "Lazaro", erran nahi baitu: "Jainkoa lagun". Jainkoak laguntzen du, ez, dituen bertuteengatik - hortaz deus ez dakigu- bainan pobrea delakotz, bertzerik ez. Hau da, segurki, lehen ustegabea Jesusen entzuleentzat. Ixtorio hau arras ezagutua zen; Egiptotik etorri ipuin bat zen, eta ipuin huntan aberatsaren bekatuak eta pobrearen bertuteak ziren aipatuak eta errepikatuak: hil ondoan, bien merezimenduak pisatuak ziren, baten ongiak eta bertzearen gaizkiak. Ipuin horrekin, nehor ez zen desarreñatua: ongia egin zuena, aberats edo pobre, saristatua zen; gaizkia egin zuena, aberats edo pobre, zigortua. Bakotxa bere lekuan, eta kitto.
Jesus aintzin, ixtorio berdintsu bat kondatzen zuten erakasleek, hura ere Egiptotik etorria. Pisuak aipatzen zituen harek ere, baten eta bertzearen merezimenduak neurtuak ziren eta zuzen den bezala, kartsua ateratzen zen hoberena. Jesusek aldatzen du ikusmolde hori; ez ditu merezimendu eta egintza onen konduak egiten eta nihun ez da errana Lazaro gizon zuzena zela, eta aberatsa deusetako norbait. Jesusek soilki ikusten du aberatsa aberats egon dela bere bizi guzian, eta pobrea pobre, ate aintzinean: ezazolkeria edo itsutasuna izan zen pobrea eta aberatsaren artean, hunek ez baitzuen bere atea ideki nahi.
Bertze xehetasun bat bada Jesusek kondatu ixtorioan: ez da arras egia deus ez dakigula aberats hortaz. Nola beztitua zen badakigu: "purpuraz eta liho finez jaunzten zena" dio testoak. Purpura zen hastapenean, erregeen jauntzien kolorea eta apez nagusien kolorea bilakatu zen, hauek munduaren erregea zerbitzatzeagatik; lihoa apez nagusiaren jauntzien oihala zen. Beraz, Jesusek horiek aipatzen dituelarik, nahi lituzke, menturaz, entzuleen begiak ideki; zinez, kartsuak dira bainan menturaz ezazolkeriaz beteak. Jesusen mezua liteke: "apez nagusi ala ez, zuen haurrideak ez apaldu. Ez zintezkete Abrahamen semeak."
Ohartu: irakurgai huntan Abrahamen izena zazpi aldiz errana da; testo hunen gako bat liteke. Jesusen galde berezia da: "Nor da egiazki Abramen seme?" eta haren erantzuna da: "Ez badituzue Legea eta Profetak entzuten, zuen haurrideen atsegabeaz ez baduzue axolarik, ez zirezte Abrahamen semeak."
Eta Jesusek segitzen du: pobreak gogotik janen zituen aberatsaren porroxkak, bainan zakurrak zituen ondotik bere zauriak milikatzeko. Zakurrak animale lohiak ziren. Beraz, aberatsak ideki balu bere atea, gaitzitua izan zitekeen ikusiz gizon hori zakurrak milikatua eta ihes egin zezakeen. Jesusen erakaspena hau da: Merezimenduak dira zuentzat garrantzitsuak, kasu egiten duzue garbi izaiteari, Abrahamen ondokoak izaiteaz loriatzen zarete... bainan beharrena ahanzten duzue. Beharrena Legeak eta Profetek dute errana, eta hor hautu haundia da. Legea, Profetek errana, Ebanjelioa: guri da heien entzutea eta biziaraztea.

 

 

2014-eko A urtea

2014/01/06
2014/01/12
2014/01/19
2014/01/26
2014/02/02
Aurten: ez!
2014/02/09
2014/02/16
2014/02/23
2014/03/02
2014/03/09
2014/03/16
2014/03/23
2014/03/30
2014/04/06
2014/04/13
2014/04/17
2014/04/18
2014/04/19
2014/04/20
2014/04/27
2014/05/04
2014/05/11
2014/05/18
2014/05/25
2014/05/29
2014/06/01
2014/06/08
2014/06/15
2014/06/22
2014/06/29
2014/07/06
2014/07/13
2014/07/20
2014/07/27
2014/08/03
2014/08/10
2014/08/15
2014/08/17
2014/08/24
2014/08/31
2014/09/07
2014/09/14
2014/09/14
2014/09/21
2014/09/28
2014/10/05
2014/10/12
2014/10/19
2014/10/26
2014/11/01
2014/11/02
2014/11/09
2014/11/16
2014/11/23
2014/11/30
   
   
   
   
   
   

 

 

 

 

 

 

 

2013 ko C urtea

  BAZKOKO  HIRUGARREN  IGANDEA   C
  BAZKOKO  LAUGARREN  IGANDEA C
  BAZKOKO  BOSGARREN  IGANDEA  C
  BAZKOKO SEIGARREN IGANDEA C
  BAZKOKO  ZAZPIGARREN  IGANDEA   C
  SALBATORE  C
  BESTA BERRI  C
  MENDEKOSTE  EGUNA   C
  TRINITATE  SAINDUAREN  BESTA C
  URTEKO HAMARGARREN IGANDEA  C
  URTEKO  HAMEKAGARREN  IGANDEA  C
  URTEKO  HAMABIGARREN  IGANDEA  C
2013/06/30 13_URTEKO  HAMAHIRUGARREN  IGANDEA  C
2013/07/07 14_URTEKO  HAMALAUGARREN  IGANDEA.C
2013/07/14 15_URTEKO  HAMABOSGARREN  IGANDEA. C doc
2013/07/21 16_URTEKO  HAMASEIGARREN  IGANDEA C
2013/07/28 17_URTEKO  HAMAZAZPIGARREN  IGANDEA. C doc
2013/08/04 18_URTEKO  HEMEZORTZIGARREN  IGANDEA. C doc
2013/08/11 19_URTEKO  HEMERETZIGARREN  IGANDEA. C doc
2013/08/15 Andre Dena Maria
2013/08/18 20_URTEKO  HOGEIGARREN  IGANDEA. C doc
2013/08/25 21_URTEKO  HOGEITA  BATGARREN  IGANDEA  C
2013/09/01 22_URTEKO  HOGEITA  BIGARREN  IGANDEA C
2013/09/08 23_URTEKO  HOGEITA  HIRUGARREN  IGANDEA C
2013/09/15 24_URTEKO HOGEITA LAUGARREN IGANDEA C
2013/09/22 25_URTEKO HOGEITA BOSGARREN IGANDEA C
2013/09/29 26_URTEKO HOGEITA SEIGARREN IGANDEA C
2013/10/06 27_URTEKO HOGEITA ZAZPIGARREN IGANDEA
2013/10/13 28_URTEKO HOGEITA ZORTZIGARREN IGANDEA C
2013/10/20 29_URTEKO HOGEITA BEDERATZIGARREN IGANDEA
2013/10/27 30_URTEKO HOGEITA HAMARGARREN IGANDEA C
2013/11/01 OMIA SAINDU
2013/11/03 31_HOGEITA HAMEKAGARREN IGANDEA C
2013/11/10 32_HOGEITA HAMABIGARREN IGANDEA C
2013/11/17 33_HOGEITA HAMAHIRUGARREN IGANDEA C
2013/11/24 34_ HOGEITA HAMALAUGARREN IGANDEA C
2013/12/01 35_ABENDUKO LEHEN IGANDEA A
2013/12/08 36_ABENDUKO BIGARREN IGANDEA A
2013/12/17 37_ABENDUKO HIRUGARREN IGANDEA A
2013/12/23 38_ABENDUKO LAUGARREN IGANDEA A
2013/12/24 EGUBERRI GAUEKO MEZA
2013/12/25 EGUBERRI EGUNEKO MEZA
2013/12/30  
2014/01/06 Trufania
2014/01/12 Jesusen bataioa